Andoain_Gudua_Main

1837 Andoaingo Gudua

Andoaingo historia Andoaingo armarria Andoaingo pertsonaiak Irudiak

 


Juan Luis Landa


 

1837. urteko irailaren 14an, egunsentiaren lehen argiak oraindik Andoainera iristear zirela, bostehun bat gizon, karlista txapeltxuri eta txapelurdinak, Oria aldetik Urnietako Arrikarten barrena igaro eta Andoain aldera jaitsi ziren, bertan ziren soldadu liberalei eraso eginez. Liberalen buru zen O’Donell jeneralak, eraso haren zain, bere soldaduak bidali zituen karlistak uxatzera. Baina karlisten buru zen Uranga jenerala bizkor ibili zen eta herriaren beste muturrean, Leitzaran ibaiko Unanibiko parajean, mila txapeltxuri eta txapelurdin inguru jarri zituen borrokan goizeko seiak aldera, Sorabilla aldetik karlisten kanoiek su eta tunba egiten hasi ziren aldi berean... Horrela hasi zen irailaren 14 hartan Andoaingo herrian eta aldirietan 600 eta 800 hildako inguru utzi zituen gudu ikaragarria, Andoaingo gudua izenarekin ezagutzen dena I Gerra karlistari buruzko historiografian

Karlos V. erregegaiaren aldeko gudarosteek (karlistek) 3.500 gizon elkartu zituzten Andoainen, eta Isabel II. erreginaren aldekoek (edo agintean zegoen Maria Cristina bere amaren aldekoek), berriz, 7.000tik gora, horietako asko Britaniar Brigadakoak, Isabel II.aren alde borroka egitera Erresuma Batutik etorritakoak. Esan bezala, egunsentiaren aurretik Buruntza aldean eta Leitzarango Unanibia aldean hasitako borrokari ongi eutsi zioten liberalek, baina, halako batean, O’Donell jeneralak, arrazoi agerikorik izan gabe, Unanibia aldean suhar borroka egindako Gerona errejimenduko soldaduak atzera bidali eta, horien ordez, Infanta errejimendukoak aurrera bidali zituen, azken horiek gazte bizargabeak. Karlistek Unanibia aldean egindako bigarren eraso baten aurrean, ordea, izutu eta armak bertan behera utzita antxintxikan atera ziren herrigune aldera, gero ihesean Hernani aldera jarraitzeko

Argazkiak: Maddi Trutxuelo


 

Hori gertatu ahala, goiza aurrera zihoala, karlistek bere eraso nagusia jo zuten, orain Andoaingo bihotzean, Gurutze Santuaren zubian. Oso arrisku handiko erasoa zubiaren beste aldea zaintzen zuten soldadu irlandar eta eskoziarren kontra egin beharrekoa... Baina erasoa hasi orduko, irlandar eta eskoziarrak jabetu ziren Leitzaran aldetik Leizaur jauregirantz Infanta errejimenduko soldaduak korrika zetozela ihesi eta, hori ikusirik, izuak jota ez ziren zubia defenditzeko gauza izan eta karlistek, indar handiz, zubian barrena Kale Nagusian aurrera egin zuten, bidean hildako mordoa utziz...

Liberalak ihesi, Kale Nagusian gora Goikoplazara iritsi eta soinean zituzten armak eta trepetak bertan behera utziz Kaletxikin barrena ihesi egin zuten, Urnieta eta Hernani aldera, karlisten hatsa lepondoan nabari zutela... Baina haietako batzuek, Gurutze Santuaren zubia zaintzen geldituriko irlandar eta eskoziarrek hain zuzen ere, San Martin elizan babesa hartu zuten, leku sakratua izanik, salbu zirelakoan

Alferrikakoa izan zuten ahalegina ordea...

Herriaren koplak

XIX mendean bertso hauen bidez laburtu zuen garaiko bertsolariren batek Andoainen gertaturikoa 1837ko irailaren 14an. Guk, bertsoak Antonio Zavalaren Karlisten leenengo gerrateko bertsoak liburutik hartu ditugu (Auspoaren Sail Nagusia, 4; 1992; 257-274 orr.)