Fototeka_Main

Fototeka

 

Udal Artxiboa Laborde Funtsa Leyçaur-aldizkaria Estekak

 

21.978 irudi inguru osatzen dute, eta lau funtsetan banatu daitezke, bere jatorriaren arabera

Udal Funtsa

Funts irekia da eta urtetan zehar Udalak bere zereginetan dela medio erosi edo enkargatu dituen argazkiz osaturik dago. Argazkiak gai ezberdinen arabera daude antolatuta: ordezkapen eta protokolo jarduerak; giza azalpenak, non jaiak, ikuskizunak, jendea, lana eta erlijioa bezalakoak topatuko ditugun; eta, amaitzeko, paisaia, herriko zenbait ikuspegi nahiz eraikuntzak aurkituko ditugu.

 

Laborde funtsa

Laborde Herramientas SL enpresak, 1994. urtean Andoaindik joan zenean, Udal Artxiboari emandakoa. Funtsa honek 3.700 argazki inguru dauka. Argazki gehienak 50eko hamarraldikoak izanik, bertan langileak, lantegiaren sortzaileak, Ikasle Eskolako mutikoak eta Labher eta Lorea abesbatzetako kideak ikus ditzakegu. Funts honetan lantegiaren instalazioei, makinariaren eta bertan lantzen ziren piezen bilakaerari buruzko informazio grafiko ugaria aurki dezakegu

 

 

Moises San José jaunaren argazki funtsa

Moises San Jose Diaz jaunaren argazki funtsa Andoaingo Udalari lagapenean uzteko hitzarmena azaroaren 25ean sinatu zuen bere familiak. Andoaingo Udalak onartu zuen: “gure herriarentzat duen garrantziarekin, Moises San Jose jaunaren ibilbide profesionala dela-eta, bere bizitzako 35 urteren erretratua egiten duelako, eta gure ondare kulturalaren zati delako.”

 

Donostiako Gros auzoan jaio zen, 1926ko azaroaren 25ean. Moises San Josek eta 14 urte zituelarik hasi zen lanean Foto Pedrosan eta hortik, Foto Aigüesera pasa zen. 1956. urtean Andoainera etorri zen bizitzera, eta hemen autonomo gisa ekin zion bere jarduera profesionalari Kale Nagusiko 5. zenbakian, FOTO MOISÉS dendan. Bertan jarraitu zuen lanean, 1991. urtean erretiratu zen arte. Lan horretan jarduteaz gain, aldi berean, Diario Vasco egunkariko Andoaingo irudi berriemaile gisa aritu zen, eta baita San Fermin jaietan ordezkari berezi gisa ere.

Andoainen hil zen, 2006ko abuztuaren 30ean.

 

2012ko maiatzean erakusketa bat antolatu zen bere lanari esker ona adierazteko.

 

 

Truchuelo Argazkigintza funtsa

Emilio (1928, ekainak 13) eta Ramón (1934, martxoak 22) Truchuelo Palomero anaiek bere lan-ibilbidea Laborde anaien lantegian hasi zuten eta bertan lehenengo urratsak eman zituzten argazkilaritzan. 1953. urtean izan ziren uholde handien ezbeharrarekin bateratsu, ordura arteko euren zaletasuna ogibide bihurtzea erabaki zuten eta, horrela, “argazkilari ibiltari” bezala argazkigintzari ekin zioten hurrengo urtean, Andoaingo Larramendi kaleko familiaren etxean lan egiten. Jarduera sendotu ahala, 1962an argazki-denda ireki zuten Kale Nagusian eta 1970an beste denda bat Villabonan. 1984an Ramonek Villabonako saltokian kargu hartu zuen eta Emiliok Andoaingo dendarekin jarraitu zuen 1999. urtera arte. 46 urtez Andoaingo gertakari, ospakizun edo jai nabarmen eta nagusienak Truchuelo anaien argazki-makinen jomuga izan ziren, eta andoaindar asko dendara hurbiltzen ziren une garrantzitsuak irudi bihurtzeko (erretratu, jaun-hartze, ezkontza…).

 

2017ko apirilaren 26an Emilio eta Ramón Truchuelok TRUCHUELO ARGAZKI FUNTSA doan eman zioten Andoaingo herriari, bere ondarea egoki gorde eta zabalduko duen hitzarmen baten bidez.

2018ko azaroan erakusketa baten medio euren lana aitortu nahi izan zien eta, bide batez, bere esker ona adierazi.

 

 

 

Informazio gehiago

Andoaingo argazki zahar batzuk

Udal artxiboko agiriak edo argazkiak kontsultatzeko

Udal artxiboko agiriak edo argazkiak argitaratzeko baimena