Gazteria
Andoaingo Historia laburra
Andoaingo armarria Andoaingo pertsonaiak 1837 Andoaingo Gudua
Belkoaingo trikuharria (mendi tontorrean)
Historiaurrean Andoainen kokatu ziren lehenengo jendeguneak udalerriko 4 puntu kardinaletan aurki ditzakegu: Belkoaingo trikuharria ehorzteko hilobi harri edo eraikina, Neolito-Brontze garaikoa; Eteneta II alderdiko 4 harrespil edo jentil baratze osatutako multzoa Burdin Arokoa; Buruntzako herrixka II. Burdin Arokoa; Goiburuko Doneztebe (San Esteban) aztarnategia, Oria haranean aurkitutako erromatarren garaiko lehenengo aztarnategia. Historiaurreko garaietatik, gure lurraldeko berezko bideen arteko lotune gisa Andoainek duen kokapen estrategikoak erraztu egin du eskualde honetan barrena joan-etorrian ibiltzea, itsasaldea barrualdearekin lotuz Oria eta Urumea ibaien ibar, eta baita ekialde-mendebalde igarobidea finkatuz itsasertzeko ibilbidea eta Leitzaran bailara zeharkatuta
Erdi Aroan Andoaingo unibertsitatea izenaz zen ezaguna herria, eta Buruntzako San Martin elizaren inguruan zegoen kokaturik. Beste herriguneak ere hor zeuden: Zumea, Goiburu eta Sorabilla. Erdi Aroan jende guztiak nozitzen zituen zailtasunak (izurria, gosea, delinkuentzia, zergen igoera...), baina pobreek jasaten zituzten, gainera, jaun boteretsuen presioak. XIV. mendearen krisi horretan, Andoaingo unibertsitateko biztanleek hiribildu nagusiek (Donostiak eta Tolosak) eskaintzen zizkieten babesa, laguntza eta abantaila ekonomikoak bilatu zituzten. Aipatutako hiribildu horiek barrualdea eta kostaldea lotzen zituen bidean egoteagatik izan zuten Gaztelako erregeen laguntza, ahaide nagusiek zuten eraginari aurre egiteko ere
Andoain Aingurasutegi kaletik. Behekoplazan Hiltegi eta Musika Eskolaren eraikina
Helburu horrekin erregeek abantaila komertzial eta fiskalak eman zizkieten Donostia eta Tolosari. Abantaila horiek oso onuragarriak ziren bai bertako biztanleentzat bai bertako bizilagun bilakatu nahi zuten inguruko herrietakoentzat ere. Horrela gertatu zen Andoaingo unibertsitatearekin: zenbait etxetako jaunek zuten eragin politiko, ekonomiko eta espiritualaren aurka, Leizaur etxekoek Oria eta Leitzaran eremuetan (Gurutze Santuaren baselizaren inguruetan), San Millan etxekoek (Zumea eta Goiburun), eta Azelain etxekoek (Sorabillan), andoaindarrek nahiago izan zuten bizilagun bilakatzea, unibertsitate biltzarren bitartez, lehenik Donostiakoak 1379an eta, gero, Tolosako1475ean
Andoaingo eta Tolosako biztanleen arteko liskarrak XV. mendean hasi eta XVI. mendean zehar jarraitu zuten. Tirabiren arrazoi nagusiak gobernu kontuetan eta eguneroko elkarbizitzan Tolosak nagusikeriaz jokatzea eta jauntxokeriatan aritzea izan ziren. Akordiorik ezak beste toki batzuetara zabaldu ziren, baita Gortera ere: bertan 1615eko urtarrilaren 26an Felipe III.ak Andoaingo unibertsitateari, hiribildu izaera eman zion. Horrela, Andoain herriak bere askatasuna lortu zuen, Tolosatik bereizita gelditu zen eta hiribildu bezala Gipuzkoako Batzar Nagusietan partaide izatea lortu zuen. Hortik aurrera Andoain herria itxura hartzen joan zen, udaletxea eraikiz eta eliza, Buruntzan zuen tokia utzita gaurko kokalekuan, Goikoplazan, jasoz XVIII. mendean Agustin Leitzak emandako diru-kopuruari esker
Gure herriak XIX. mendean zehar karlistaldien eraginak jasan zituen, baita industrializazio prozesuan sartu ere, paper-industriak, ehungintza, siderurgia-industria, armagintza eta elikadura-industriak ezartzearekin. Energia hidrauliko merkea eta ugari edukitzeak mota horietako industriak gurean kokatzen lagundu zuen. Hirigintza aldetik ere aldaketa ugari izan zen, Etxeberrieta bezalako auzune berriak eraikitzea kasu, eta baita hazten ari zen biztanle kopuruari erantzuteko ur-horniketarako sistema hobetzea ere. 1882. urtean Sorabilla herria Andoaingo herriarekin elkartu zen, bertako 350 biztanleek horrela erabaki baitzuten bozketa bidez
XX. mende hasieran andoaindar askok herrian kokaturiko industria txiki eta ertain piloan egiten zuen lan. 1940-50 hamarkadan hazkunde azkarra ikusten da eta beste probintzietako migrazioa hasi. 1960 hamarkada hazkunde nabarmena dago, 1964. urtean hain zuzen, Andoainen 8.371 biztanle zeudela. Hazkunde erritmoak 1977an punturik bajuena izango du. Gerora, 1984tik, hazkunde tasa jeisten joango da, gaurko biztanle kopuruan mantenduz
Dokumentu interesgarriak:
- Leyçaur – Andoaingo historiari buruzko aldizkaria
- 400 urteurrena– Andoain1615: hiribildu berri baten historia. Egilea: Susana Truchuelo
- 1837 Andoaingo gudua (bideo montajea)